Behean sinatzen dugunok, trafiko-istripuek eragiten dituzten giza, gizarte- eta ekonomia-galeren jakitun garen heinean, horiek saihesteko ahalik eta esku-hartzerik handiena behar dela uste dugu.
Gure aburuz, istripuen inguruko paradigma aldaketa behar da, eta aldaketa horrek, eraldaketa horrek gizarte-aldaketa izan behar du ezinbestean.
Gure iritziz, aldaketa hezkuntza-alorrean egin behar da bereziki, eta pertsona bakoitzari bere jokabideei, horien arrazoiei eta dakartzaten arriskuei buruzko gogoeta egiteko aukera eman behar zaio.
|
 |
 |
Behean sinatzen dugunok zigorraren ideia giza bizitzarenganako errespetuaren printzipioan oinarritu behar den lanabesa dela eta “irakastea zigortzea baino hobe” dela uste dugu.
Ondoren aldatu ahal izateko lehen pauso gisa, pertsonei gauzak zergatik egiten dituzten konturatzeko aukera emango dien hezkuntza-eredu eraldatzailearengan uste osoa dugu.
Gure iritziz, bide-hezkuntza pertsonek arriskua hobeto hautematera zuzendu behar da batez ere, izan ere, hori da prebentzio kateko lehenengo maila, eta behar bada, baita garrantzitsuena ere (istripuaren aurretik, bitartean eta ondoren). Horrenbestez, istripuen ondorioak txikiagotzeko modurik onena “istripurik ez izatea” dela eta hori geure esku dagoela uste dugu.
Behean sinatzen dugunok erabakitasunez egiten dugu bide-hezkuntzaren garapenaren alde, ez eskoletan soilik, baizik istripuak jasateko arriskua duen talde bat dagoen edonon, dela aisialdian, lanean zein beste edozein gizarte-sektoretan. Gainera, hori gure erankundean edo/eta lantokian garatzeko ahalegina egiteko konpromisoa hartzen dugu, izan ere, gure komunitateko gizarte-eragile ezberdinen sentsibilizazio, inplikazio eta konpromiso maila zenbat eta handiagoa izan, aldaketa-prozesua orduan eta eraginkorragoa izango dela uste dugu.